Bilbe berde eta urdina (BBU-TVB)

Bilbe berde eta urdina (BBU-TVB) «jarraikitasun ekologikoak», hau da, abere eta landare espeziei zirkulatzeko, elikatzeko, ugaltzeko, pausatzeko… labur erranik, bizitzeko aukera ematen dieten harreman sareak babestu, mantendu eta berriz osatzeko asmoa duen tresna da. Paisaia elementuak dira, hala nola, errekak, xendrak, hesiak eta abar. Harremanetarako leku horiek zainduz bioaniztasunak ematen dizkigun zerbitzuak eta ekosistemak atxikitzen laguntzen da (uraren kalitatea, polinizazioa, uholdeei aitzin hartzea, bizi ingurunea hobetzea).

Bioaniztasunaren babesteko tresna hori lekuak eta espezieak babesteko gainerako tresnekin antolatzen da: leku babestuak, nazio mailako parkeak, natura erreserbak, biotopoen babesteko aginduak, Natura 2000, eskualdeko naturaguneak, mehatxatuak diren espezieen aldeko ekintzen nazio mailako planak, etab.

BBU-TVB delakoak lekuen eta espezieen zeregin ekologikoa hartzen du kontuan lurraldearen antolaketa egiterakoan eta bioaniztasun arruntari balioa ematen dio, batez ere klima aldaketari errazago egokitu dadin.

Informazio gehiago: http://www.trameverteetbleue.fr/presentation-tvb/qu-est-ce-que-trame-verte-bleue/definitions-trame-verte-bleue

Naturagune minberak (NM-ENS)

Naturagune minberak (NM-ENS) departamenduek ondare interesdun guneak zaindu eta ahulduak edota mehatxupean direnak babesteko plantan eman dituzten kudeaketa eta zaintza tresnak dira.

Ipar Euskal Herrian, babes horren pe 24 gune dira eta ingurune mota anitzetakoak dira: oihanak, harpeak, larreak, zohikaztegiak, aintzirak, hareamuinoak, bartak eta abar. Lehengoratze eta kudeaketa neurrien pe dira eta jende orori bioaniztasuna ezagutzera emateko lekuak, bai eta zientzialarientzat azterketa lekuak dira ere.

Informazio gehiago: https://data.le64.fr/explore/dataset/espaces-naturels-sensibles-des-pyrenees-atlantiques-ens/information/

NATURA 2000

Natura 2000 funtsezko tresna da bioaniztasuna babesteko europar politikan. Natura 2000 sarean Europan mantentze jokagai handiak dituzten lurreko nahiz itsasoko naturaguneak badira. Giza jardunetan bioaniztasun jokagaiak kontuan hobeki hartuko direla bermatzeko xedea du.

Ipar Euskal Herrian, 32 gune dira sare horren barne: mendigune guztiak, sare hidrografiko kasik osoa (ibai-errekak) eta Bidasoaren itsasadarra, euskal erlaitza eta Txingudi badia, Biarritzeko arrokak, Aturriko bartak eta zenbait oihan (Irati, Arbailak, Amikuze).

Informazio gehiago:

DREAL webgunerako esteka: http://www.nouvelle-aquitaine.developpement-durable.gouv.fr/natura-2000-r1081.html

Uren antolaketa eta kudeaketa eskema (UAKE-SAGE)

UAKE-SAGE batek uraren erabilera guztiak bateratzeko aukera ematen du (edateko ura, industria, laborantza...) betiere baliabide hori babestuz.

Plangintza tresna horren oinarria uraren eta ur inguruneen gaietan lurraldearen lehentasunak zehazteko tokiko eragileekin elkar adituz erabaki urraspidea da.

Informazio gehiagorako:

UAKE-SAGE Euskal Herrian: https://www.gesteau.fr/sage/map/bassin/FR000005

Euskal Mendia Eskualde Parke Naturala (EN-PNR)

Eskualde parke naturala (PNR) estatuak ematen duen labela da. Natura, kultura, arkitektura, historia eta abarreko ondare nabarmena duen lurraldeari ematen zaio.

Euskal mendia eskualde parke naturalaren helburua bikoitza da: alde batetik, ondare bikaina baina demografia, klima eta abarreko faktoreek ahuldua duen baserrialdeko lurraldeari labela ematea eta, beste aldetik, erakunde publikoen eta eragile pribatuen arteko lan iraunkorra egitea mendialdea bizirik, jardunean eta biztanleekin atxikitzeko.

Euskal Herriko mendiguneko edota mendialdeko 111 herrien eremuan eskualde parke natural bat egiteko aukera eta egingarritasuna aztertzeko ikerketa 2017/2018an egin zen Eskualdearekin eta Sindikatu Batzordeekin elkarlanean. Euskal Elkargoak eta haren partzuerrek proiektuarekin jarraitzearen aldeko erabakia hartu zuten 2018ko uztailean, eta erabaki horri sostengua eman zion eskualdeko prefetak. Hartara, heldu diren hilotan, asmo handiko proiektu hori eta haren garapen iraunkorreko gutuna prestatzeari ekinen zaio lurraldeko herriekin, profesionalekin, elkarteekin eta biztanleekin.

Informazio gehiago: https://www.communaute-paysbasque.fr/oc/decouvrir/la-montagne-basque/le-parc-naturel-regional-montagne-basque

Eskualdeko altura erresalbu guneak (ENEG-RNR)

Natura erresalbu gunea fauna, flora, lurra, ura, mineral hobi eta, oro har, natura ingurunearen zaintza bereziki garrantzitsua den lekua da. Halatan, bada, haren andeatzea ekar lezakeen eskuhartze artifizial orotatik babestu behar da.

Natura erresalbu guneen kudeaketa elkarteen esku, tokiko kolektibitateen esku edota erakunde publikoen esku utz liteke eta haiek, halakoetan, honako hiru zeregin hauek bete behar dituzte: natura inguruneak babestea, bai eta abere eta landare espezieak eta geologia ondarea ere; guneak kudeatu behar dituzte ere, eta publiko zabala sentsibilizatu. Kudeaketa plan batek ezarriko ditu helburuak eta ingurune horiek zaindu edota lehengoratzeko erabili beharko diren baliabideak.

Ipar Euskal Herrian bi eskualde erresalbu gune daude, biak lurraldeko itsas ertzearen gibeleko zerrendan:

  • Errota Handiko urmaela Arrangoitzen. Pentze eta oihan inguruneekin batera, multzo ekologiko hauta osatzen da. Landare eta abere espezie anitzek maite duten harlekua da: hegaztiak, intsektuak, urlehortarrak eta ugaztunak; haien artean, Europako bisoia, hau da, espezie oso arraro eta mehatxatua.

Akitania Berriko Naturaguneen Babes Erakundea (CEN NA) erresalbu gune horren natura ondarearen zaintzari loturik da.

  • Xurrumilatx urmaela, Arrangoitzen eta Basusarrin kokatua; Errobiren isurialdean da. Natura ingurune mota anitz (errekak eta istilak, pentze mesofiloak, pentze hezeak, megaforbiak, hariztiak eta abar) daudenez, erresalbu gune hori naturagune hauta da landare eta abere espezie anitzentzat, gehienak Akitanian enblematikoak direnak.

Informazio gehiago: http://www.reserves-naturelles.org/nouvelle-aquitaine

Itsasbazterraren erakunde babeslea

Frantziako itsasertzaren minberatasuna kontuan hartuz, Estatuak, 1975ean, Itsasbazterraren erakunde babeslea sortu zuen, andeaturik edota hirigintzaren mehatxupean diren lursailak erosi eta natura orekak zainduko dituzten eta jendeak eta jarduerak hartu ahalko dituzten guneak egiteko.

Itsasbazterraren erakunde babesleak hiru helburu nagusi ditu: Lehengoratzea, kudeatzea eta erostea.

Informazio gehiago:

Ekintzen nazio planak (ENP-PNA)

Ekintzen Nazio Planak (ENP-PNA) bioaniztasuna babesteko tresnak dira. Mehatxu handienaren pean diren espezieak atxiki eta berriz lehengoratzeko egin beharrekoak zehazten dituzte, ongi zainduak izan daitezen bermatzeko.

Haien egitekoak 3 ardatzen inguruan antolatzen dira: ezagutza, zaintza eta sentsibilizazioa.

Informazio gehiago: https://inpn.mnhn.fr/programme/plans-nationaux-d-actions/presentation