Ipar Euskal Herriko giza jardueren aberastasun haundiak, izan lurpearen ustiatzea gatza eta kobrearen ateratzeko edo eskualdeko usaiako laborantza jardunbideak, lurraldeko topografia anitzaren meneko dira. Halaber, lur azalean ageri diren arroka desberdinak, bakoitza bere gisara higatzen direnak, milioika urtez formatu dira. Ipar Euskal Herriko historia geologikoan oin hartuz, bi lurralde nagusi bereiz litezke:
- Ekialdeko lurraldea: Nafarroa Beherea eta Zuberoa; hegoaldeko baserrialde lur menditsua, gailur gorena Orhi delarik (2.017 metro)
- Mendebaldeko lurraldea: Lapurdi, itsas ondoko iparraldeko lautadetatik goiko muinoetaraino doana, ekialde eta hegoalderantz, gailur gorenak Artzamendi (926 metro) eta Larrun (905 metro) direlarik.
IPAR EUSKAL HERRIAKO GEOLOGIAREN HISTORIA
Ekialdeko lurraldea
Paleozoikoan (540 - 250 milioi urte) ekialdeko lurraldearen osatze etapa funtsezko bat izan zen, geologoek «orogenia hertziniarra» deitua. Izan ere, 330 eta 300 milioi urte artean, Pangea deitu superkontinentea osatzen parte hartu zuten mendi lerroak agertu ziren. Lur azalera agertu osaera zaharrenak, hala nola Ursuiako mendigunea (Kanbriarraurrea - 540 milio urte baino gehiago) Aldudeko ibarra eta Baigura mendialdearen (Kanbriarra/Karboniferoa – 540-300 milioi urte artean) aldeak mendilerro hertzianiarra osatzeko oinarri izan dira. Mendilerro horren higatzetik sorturiko produktuak - konglomeratuak, hareharriak, buztinak – Bidarrai eta Donibane Garazi inguruetan ikus litezke orain.
Aldiz, Mesozoikoan zehar (250 - 65 milioi urte) itsasoa, mendilerroak sortzean desagertu zena, berriz ere agertu zen. Hondo gutiko itsasoak dira; hondoetan bizidunen hondakinak pausatu ziren eta, milioika urteren ondotik, karbonato plataforma lodi bat osatu zen. Hor ditugu, egun, eskualdera jendeak erakartzen dituzten bi leku ospetsu: Kakuetako arroila eta La Verna harpea.
Horren ondoren, gero gertatu ziren geologia aldaketek Mauleko arroa osatzera eta Iparraldean dagoen Akitania eta hegoaldean dagoen Iberia elkarrengandik urruntzera eraman zuten. Bi eskualde horien artean hondoratu zen ibarra «turbidita» deitu itsas hondoko material metaz bete zen eta geologoek «flysch» deitzen duten jalkina osatu zen. «Bidaxuneko harria», XIX. mendean azkarki ustiatu zena, turbidita bat da.
Mendebaldeko lurraldea
Mendebaldeko lurraldea ondotik osatu zen: lur azaleratze geologiko zaharrenak orain dela 300 milioi urtetakoak dira (Permiarra). Garai hartan, lehen zegoen mendilerroa azkarki higatzen hasi zen. Higadurak sortu hondakinak oraindik ikus litezke euskal mendigune enblemetikoetako bat den Larrunen. Izan ere, pudingak – harrixabal biribilduekin osatu arrokak – eta aska handien itxurako hareharriak daude nonahi Larrun gainean eta eskualdeko beste mendigunetan. «Larruneko» hareharriak eraikuntzarako erabili ohi dira.
Mendebaldeko lurralde horretara ere itzuli zen itsasoa Mesozoikoan, baina azken fasean bakarrik (Kretazeo goiztiarra - 110 milioi urte). Hor ere karbonato plataforma han-hemen etena eta lodiera gutiko bat pausatu zen eta paisaia egun Sarako harrobian ikus litezkeen uharrien antzekoa da. Leize anitz, hala nola Sarakoak edo Izturitzekoak eta Otsozelaikoak - gure arbasoen bizileku izan zirenak 80 000 urte inguruan - testuinguru hartan sortu ziren.
Horrez gain, europar eta iberiar plaken elkarrengandik bereizteak sortu ibarrak hemen ere sortu zuen flyscha. Osaera hori handientsu azaleratu zen ezponda goretan, euskal erlaitzaren luzeran. Haratago, barnealdean, arroken azaleratze gutxi da: flyscha buztin bilakatua da maiz, eta hor oihanez edota Euskal Herrian ohikoak diren alhalekuz estali ibarrak sortu dira.
LURRAZ KANPOKO HONDAMENDI BATEN AZTARNAK
Orain dela 65 milioi urte, Mesozoikoaren eta Zenozoikoaren arteko mugan, suntsipen handia gertatu zen, zeinean landare eta abere espezieen % 65 desagertu baitzen. Lurraren historian gertatu hondamendi horren garai hartan desagertu ziren dinosaurioak, baina ez guztiak, halere! Izan ere, egun badira dinosaurioetako batzuk hainbat izaritako hegazti bilakaturik, sai handietatik xori ñiminoetaraino.
Hondamendi haren eragileak hainbat izanik ere eta oraindik aztertze bidean badira ere, azken kausa gisa Mexikon erori zen meteoritoa aipatzen da. Baina gertakari haren aztarnak handik oso urrun ere, Euskal Herrian ere, ageri zaizkigu! Bidarteko hondartzan, adibidez, - tuparri grisen eta kareharri arrosaren artean ongi bereiz litekeen buztin geruza fin batek - gure planetako naturan arraro den iridio jalkin handia kabitzen du.
PIRINIO MENDILERROAREN SORTZEA
40 milioi urtetatik goiti, denborarekin pausatzen joan ziren itsas jalkinak aldaketa handiak bizitu zituzten europar plakaren eta iberiar plakaren arteko elkar jotzearen ondorioz. Desitxuratze lehen fase batean, arroka bilakatu ziren eta gero hautsi, plega eta berriz ere zutituak izan ziren, kostaldean zehar ikus litekeen bezala. Bigarren fase batean, higadura handia jasan zuten. Horrela sortu zen Pirinio mendilerroa.
EUSKAL KOSTALDEAREN HIGADURA
Angeluko hondar fineko hondartza ederrak eta Donibane Lohizuneko eta Hendaiako badietakoak Landesetatik hegoalderantz gertatu hondar garraioaren erakusle dira. Izan ere, nagusi diren mendebaldeko haizeek hondartzak higa eta kostaldeko hondarrak hegoaldera eramaten dituzten sagailoak sortzen dituzte.
Beste aldetik, kosta arrokatsua euri urak kimikoki higatzen du, atmosferan karbono dioxidoz kargatzen baita eta doi bat azido bilakatzen. Horrek flyscharen kareharria urtzen du eta arroka gogorrak «alterita » deitu hondakin bihurtzen dira; gero, litatzen dira; badu horrek eraginik kostaldeko biztanleengan.
Gainera, itsasoak higadura mekaniko zerbait ere egiten du, baina mendiko hormetan gertatzen diren litatze fenomenoak baino ttipiagoa da higadura hori. Itsasoak, nagusiki, ezponda zolan erori direnak eramaten ditu.
GEOLOGIA ANIZTASUN HANDIA
Ipar Euskal Herrian dagoen geologia aniztasun handia ekosistemen aberastasunaren erakusgarri da eta abere eta landare espezieen bioaniztasunean ikusten da ere. Gure bizitza eta gure jardunak natura elementuei hertsiki lotuak dira, arrokatik itsas hondoraino, lorea polinizatzen duen intsektutik pasatuz. Gure eskualdea eta bertako kultura geologiaren meneko dira.