Ipar Euskal Herriak formazio geologiko enblematiko anitz ditu bere mendiguneetan, hala nola labarrak eta haroeak, non abere espezie anitz bizi diren. Hezeguneek eta lurraldea moldatzen duten ibai-erreka anitzek ere ematen diete babesa ororen ondare ditugun espezie babestuei.
Ugaztunak
Euskal paisaian, barrunbeak eta harpeak gauenara espezie anitz izateko egoki diren ekosistemak dira. Halatan, Ipar Euskal Herriak 25 kiroptero espezie ditu Frantzia metropolitanoan ezagun diren 34etatik. Adibidez, Sarako lezeetan eskualdeko gauenara kolonia handienetako bat dago. Xantza zerbaitekin, Ferra gauenara mediterraneoa (Rhinolophus euryale) ikus liteke, ferra gauenara handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra gauenara txikia (Rhinolophus hipposideros) bai eta Schreibers gauenara (Miniopterus schreibersii).
Aldiz, hezeguneetan eta ibai-erreken inguruetan - Errobiren ertzeetan, adibidez - berriz ere azaldu da orain dela gutxi ur-ipurtatsa (Mustela lutreola), azken hamabost urteotan galdutzat emana zena. Baina beste ugaztuntxo aipagarria ere ibil liteke euskal mendialdeko uhaitzetan, hor dabilenik oraindik egiaztatu ez bada ere: Pirinioetako muturluzea edo Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus). Itxura bereziko (tronpeta arratoi deitzen dute ere, mutur luzea duelako) intsektujale txiki horrek jakinmin handia eragiten du naturazaleengan eta interes handia zientzialarien artean, dituen bizi ohitura misteriotsuak direla eta.
Hegaztiak
Ipar Euskal Herria hegazti anitzen migratze bidean kokatua denez, behatoki ederrak eskaintzen ditu hainbat hegaztiren pasaia ikusteko: enarak, usoak, ugatzak, miru gorriak edo beltzak eta amiamokoak. Lizarrietako lepoa eta Organbidexkakoa, adibidez, LPO elkarteko adituen behatokia izan ohi da urtero, bai eta ornitologiako behazale arruntena ere. Turismo berdeko leku horiek galtzeko arriskuan diren espezieen ikerketa eta zaintzaleku dira ere.
Bestalde, euskal mendialdean artzaintza aspalditik denez, lurraldeko abere enblematikoak diren harraparientzat leku hauta da. Espezie famatuenak honako hauek dira: Ugatza, saizuria, arrano beltza eta miru gorria.
Azkenik, kostaldean, itsas ertzeko itsas hegaztiak dabiltza. Ubarroi handia edo ubarroi mottoduna errazki ikus litezke, Biarritz edota Hendaiako harkaitzen gainetik hegaldaka.
Arrainak
Ipar Euskal Herriko ibaiak eta errekatxoak migraziobide nagusiak dira ur gazitik gezara eta gezatik gazira pasatzen diren arrainentzat (espezie anfialinak). Ibai-aingira, astuna, izokin arrunta edota amuarrain arrunta ohiko espezieak dira eta gure euskal ibai-errekek arrain-hazkuntzan duten garrantzia erakusten dute.
Intsektuak
Oihanetako eta bereziki mendialdeko pagadi-hariztietako biztanle sotilak dira. Ornogabe anitz ditugu Ipar Euskal Herrian eta aberastasun handia dakarte bioaniztasunerako eta ingurumenari (eta, hartara, gizakioi ere bai) egiten dizkioten zerbitzu anintzengatik.
Koleoptero saproxilofagoen larbak, adibidez, hilzori edo hilik diren zuhaitzen barnean edota sustraietan garatzen dira. Egurra janez, oihana birziklatzen laguntzen dute. Espezie horiek ez dira oso ezagunak eta zaintza azterketa eta ekintzak egin ohi dira haien alde, besteak beste haietako asko aterki espezieak direlako eta haiek babestuz haien menpe diren beste espezieak ere babesten direlako.
Ba ote dakizu zer den aterki espezie bat? Babestua baita, aterki espezie batek bere lurraldearen edo txoko ekologikoaren eremuan bizi diren beste espezie anitz babesten ditu.