Oihan enblematikoak
Euskal Herriak oihan anitz ditu eta, orotara, 75 000 hektarea lur oihanez estaliak dira. Ondare naturalista interesekoak, historikoak eta sozio-kultural azkarrekoak dira.
Hasteko, oihan zahar horiek zinezko karbono putzu naturalak dira, klima aldaketaren eraginak murrizteko baitezpadakoak. Horrez gain, bioaniztasunean jori-joriak dira eta espezie arraro anitzentzako babesleku dira, besteak beste koleopteroentzat, gauenarentzat, goroldioentzat eta beste anitzentzat.
Oihan mota anitz bada eta, bakoitza bere ezaugarriekin: mendialdeko pagadiak, laborarien oihanak, lautadako oihanak eta, azkenik, oihan «berriak», oihaneztatze bidez edo artzaintzatik utzi lurren berezko lehengoratze bidez sortuak.
Euskal oihanak hainbat giza jardueren bidez ustiatu izan dira denbora luzean zehar. Gaur egun, badu 50 urte gutti ustiatzen direla edo batere ez direla baliatzen, hala nola hego-ekialdekoak (Garazi eta Zuberoa). Baina oihan horiek tokiko kulturari eta euskal mitologiari ere lotuak dira: hamaika mito eta elezahar sortu da euskal basa inguruneari loturik eta bisitatzeko leku hautak bihurtzen dira.
Mendialdeko oihanak
Ibiltariak Hairako oihanean ibil litezke, Aldude ibarrean, Arbailako oihanean. Baina oihan aipagarriena Iratiko mendialdekoa dugu, zalantzarik gabe, Frantzia eta Espainia artean hedatua. 20 000 hektarea ditu, haietan 200 Frantzian, Europako pagadi handiena da.
Mendialdeko oihanak herriarteko intereseko habitatak dira euskal mendialdearenak diren ezaugarri bereziengatik. Adibidez, Arbailako oihana, bioaniztasuna zaintzeko europar politikaren tresna den NATURA 2000 sarean kokatua da.
Lautadako oihanak
Amikuzeko oihana lautadako oihana da; ez da hain ezaguna baina aipagarria da. Oihanen Nazio mailako erakundeak kudeatzen dituen 655 hektarea ditu eta zuhaitz mota anitz du, hala nola lizarrak, astigarrak, Amerikako haritz gorriak eta pagoak.
Itsas ertzeko oihanak
Artifizialduriko oihanak ere badira, hau da, pinu landaketak izan zirenak eta oraindik atxikitzen direnak ekologia edota paisaia interesekoak direlako. Adibide gisa aipa ditzagun itsas ertzeko oihanak, hala nola Landesetako basoa edo Angeluko Lazaretekoa.
Abeltzaintza eta basozaintza Oihanak
Azkenik, gizakiek sortu hainbat oihanek erakusten dute laborantza eta hazkuntza jarduerak eta basogintza elkar litezkeela. Adibide baterako, Larrungo sektoretik Aldudeko mendialderaino hazkuntza eta basozaintza oihanak sortu zituztenean, berotzeko egurraren beharra eta hazkuntza bateratu zituzten.
Egun, Uztaritze, Sara, Ainhoa eta Senpereko oihanak interes handiko ondare sektoreak dira hala nazio mailan nola nazioartean ere. Hango zuhaitz zaharretan intsektuak, gauenarak, goroldioak, likenak, onddoak eta babestu beharreko beste hainbat espezie bizi dira.
Ezagutzen ote dituzu zuhaitz kapetatuak?
Ez da zuhaitz mota berezi bat, baina arbolak mantentzeko eta ustiatzeko manera bat. Euskal Herriko zuhaitz kapetatuak pagoak dira, haritzak edo gaztainondoak. Arbola oinean mozteko ordez, abar guziak mozten ziren. Arbolen gaina mozkinduz, zura atera zitekeen 10/15 urte guziez, arbolaren enborra hunki gabe. 1900/1950. urteak arte, zuhaitz kapetatu asko ikusten zen Euskal Herrian. Moztu abarrekin animaliak bazkatzen ziren, inaurkina egiten, zura eta egurra.
Zuhaitz kapetatuen enborrek zilo eta arteka franko badituzte, askotariko fauna aterpetzeko eta bazkatzeko izigarri erakargarriak: txori intsektujaleak, gaueko harrapariak (mozolo arruntak, urubi arruntak...), baita ere urtxintxak, muxarrak, martak eta gauenarak, egurra jaten duten koleopteroak ahantzi gabe.