Hazkuntza eta laborantza
Laborantza garrantzi handiko jarduera da Ipar Euskal Herrian; kasik 4500 etxalde dira eta 8500 pertsona baino gehiagok laborantza sailean lan egiten dute. Lurralde osoan zehar hedatua da eta, maiz, ekonomia jarduera nagusia da. Hazkuntza da jarduera nagusia, batez ere esnetarako ardiak eta haragitarako behiak, etxaldeen bi herenak baino gehiago hartzeraino.
Ipar Euskal Herriko laborantza, nazio mailan egiten denetik bereizten da; batez ere hazkuntzari dagokionez (ardi eta behi), parte handienean belarrarekin bazkatuak baitira (pentze eta mendi erabilera), eta beraz belarrezko eremuek laborantza eremuen bi herenak itxuratzen dituzte.
Ipar Euskal Herriaren berezitasun horrek ingurumenean eragiten du. Haatik, pentze iraunkorren zati handiak eragin ona badu ere, batez ere bioaniztasunean. Izan ere, artzaintzak habitat bikainak mantentzen laguntzen duten leku zabalak atxikitzeko aukera ematen du; fauna mota anitz biltzen dituzten habitaten mosaikoak sortuz.
Euskal mendi osoa Natura 2000 sarearen barne izateak erakusten du eremuaren aberastasuna, artzaingoa delarik aspaldiko erabilera nagusia.
Ingurumen kalitate horren erakusle da euskal mendiaren eremua eta Eskualdeko Parke Natural gisa ezagutua izateko urraspide batean sartua da.
Oihangintza
Ipar Euskal Herriko oihanak kasik 75 000 hektarea hartzen ditu. Nagusiki zuhaitz hostotsu handietako oihanak (pagadiak eta hariztiak) eta zuhaizti zatikatuak (laborari oihanak) dira.
Euskal oihanaren herena publikoa da eta zuhaitz-handi gehiena ere hor kokatzen da. Oihan pribatuak beste bi herenak hartzen ditu eta laborantza oihanaren gehiengoa bilduz (zuhaizti zatituak eta zuhaizti laxoak). Ipar Euskal Herriko eta Pirinio Atlantikoetako berezitasuna da oihan publikoaren nagusitasuna mendian. Estatu oihan horiek lur eremuen berrezarpenaren ondare dira, elurteen edo uholde higaduren arriskuen apaltzeko lanen ondorio.
Ipar Euskal Herri mailan, oihan publikoan ustiatzen den egur kopurua urtean 32 000 m3 ingurukoa da. Oihan hori, erronka anitzeko herri oihanez osatua da (egurra, aisialdia, ehiza, artzaingoa, zaintza…). Egur salmentaren helburu bakarra oihanaren mantentze lanen kostuak berdintzea da. Oihan pribatuari dagokionean, berriz, ustiapena urtean 18 000 m3 ingurukoa da; horien erdia eraikuntzarentzat egurra da eta beste erdia energiarentzat.
Oihana ez da ekonomia baliabidea bakarrik. Gizakien osasun moral eta fisikorako oihanak dituen eragin onez gain, oihan ingurunea babeslekua da ere oihan motaren arabera, oihanaren berezkotasunaren arabera eta kudeaketaren arabera aldatzen diren fauna eta florari. Adibidez, oihanean egur hila izateak elikadura eta baitezpadako bizilekua eskaintzen die kakalardo saproxilikoei eta kakalardo horiek materia organikoa desegin eta birziklatzen laguntzen dute.