Ipar Euskal Herriko landareen babes erakundeek egiten dute tokiko floraren bilakaeraren jarraipena, landareak zerrendatzen dituzte, departamenduko espezieen ezagutza hobetu nahian, baita ondare intereseko diren landare lekuak ezagutu eta babestekoak zehazteko gisan. Besteak beste, 2014-2018 artean eginiko lanek seinalatu zuten zein lekutan biltzen ziren ondare espezieak itsas ertzean eta Pirinioetako mendialdean, baita hezeguneetako zenbait «garrantzizko gune» ere.
ITSAS ERTZEKO FLORA
Haizea, itsas langarra, gazitasuna, tenperatura zabaldurak eta ur gezaren eskasia dira itsas ertza bizileku desegoki bihurtzen duten baldintzak. Halatan, bada, itsas ertzeko bizilekuetan zorrozki egokituriko landare espezieak daude eta babestu behar dira.
Hego Atlantikoko floraren erakunde babesleak babespeko espezie kopuru handi bat zerrendatu berri du itsas ertzeko zerrendan. Haietako heren bat inguru (131etatik 43) departamendu mailan zerrendaturiko babespeko espezieak ziren. Haien artean, Baionako senezioa (Senecio bayonnensis), hosto lodiko sanjuan lorea (Leucanthemum ircutianum subsp crassifolium) eta lithodora prostrata (Glandora prostrata). Azken horiek ainar burusoileko itsas larreetako eta soropil aerohalinetako (itsas langarrak jasaten dituztenak) landareak dira.
MENDIALDEKO FLORA
Mendi zoletatik gailurretarainoko bidean, klima baldintzak gero eta gogorragoak bilakatzen dira bizidunentzat. Izan ere, goietako landareek tenperatura aldaketa handiak jasaten dituzte, bai eta eguzki eta haizearen indarra ere eta, urtaroen arabera, euri jasak eta elurteak ere. Espezie horiek muturreko bizileku horietara egokitu eta bizirauteko plantan eman dituzten estrategiak dira bakan bilakatzen dituztenak beren generoetan, baina baita hondaerraz egiten dituztenak ere.
Hosto galkorretako haritzak (Quercus petrae, Quercus robur, eta Quercus pyrenaica) eta pagoa (Fagus sylvatica) muinoetan eta mendietan hedaturik badira ere, oihanak ez dira natura bizileku bakarrak. Gailurrak, arroilak, larreak, soroak eta soropilak ere Ipar Euskal Herriko aberatsenetarik dira. Gainera, paisaiaren aniztasuna alhategietako abereen eta artzainen jardunek moldatzen dute ere. Hain bizileku mota desberdin izateak espezie endemikoak izatea laguntzen du; hala ditugu Erodium manescavii eta Geranium endressi.
Gorago, subalpetar sektoreetan, kuxintxo landareak ditugu. Landarearen izaera, tapiza baten gisara hedatzea, mendiko landareek hotzetik babestu eta ahal bezainbeste hezetasuna atxikitzeko erabiltzen duten ohiko egokitzapena da. Adibide gisa, Androsace villosa eta Asperula capillacea ditugu. Beste zenbait landarek ere hartu dute itxura bereziren bat haizetik babesteko eta lurrak eta harkaitzek bildu beroaz baliatzeko: murru kontra edo sarean hedatzea, hain zuzen ere. Horren adibide, Pirinioetako sahatsa (Salix pyrenaica) lurrean herrestan hedatzen den zuhaixka da.
IBAI-ERREKETAKO ETA HEZEGUNEETAKO FLORA
Ipar Euskal Herriak ibai-errekak eta istingak eta arroil hondoak bezalako hezegune anitz ditu.
Naturagune horiek babestu behar dira, hondaerrazak baitira eta ondare balio handiko espezie bikainak baitituzte, hala nola vandenboschia speciosa (Trichomanes speciosum) iratzea edo soldanella villosa.
Hezegune zenbait mendialdean daude. Ekosistema horiek klima baldintza berezien emaitza dira eta bioaniztasun aberatsekoak eta espezie arraro eta enblematiko anitzen bizileku. Landaredi aipagarria dago hor, hala nola sphagnum goroldioak, Drosera generoko landare haragijaleak, edo Narthecium ossifragum.
Beste zenbait hezegunetan, aldiz, elarrak dira nagusi. Espezie ohikoenak ainar lauhostoa (Erica teralix), ainar iletsua (Erica ciliaris) eta ainar arrunta (Calluna vulgaris). Arraroago ikus liteke gentziana edo errosta mota bat (Gentiana pneumonanthe); landare hori funtsezkoa da duen zeregin ekologikoarengatik, hau da, haren petalo eta hostoak galtze arriskuan den gentzianetako inurrijale izeneko (Maculinea alcon) tximeleta baten arroltzeen kokaleku dira.
Azkenik, Ipar Euskal Herriko ingurune aipagarrien artean, bartak aipa ditzakegu, historian zehar laborantzarako baliatu diren beren errekastoekin. Barta apala ur bizileku eta bizileku heze nahasketa batez osatua da: hondar-oihan alubialak, zuhaizti zingiratsuak eta hainbat motako lugorri hezeak (megaforbiak). Flora aberats horietan badira, adibide baterako, itsasadarretako aingeru belarra (Angelica heterocarpa) eta Fritillaria meleagris.
ITSAS FLORA
Euskal kostaldearen berezitasunak (Bizkaiko Golkoan kokatua izatea eta duen klima) ditugu uharri habitatak bezalako itsas habitat bakanen oinarri. Oro har, euskal kostaldeko habitatetan espezie anitz biltzen dira banatze eremuen mugan (zona borealaren muga edo Mediterraneoaren eragin handiaren pean dena). Baina euskal itsas hondoetako flora ere aipagarria da. Alde horretan Gelidium generoko itsas-belar gorria da ohikoa eta uharriaren ekosistemaren lehen ekoizlea da.
Zer ote da habitat naturala?
Fauna eta Floraren Habitaten Europako zuzentarauak dio habitat naturala dela “espazio homogeneo bat, bere baldintza ekologikoengatik (tokiko konpartimentua bere baldintza klimatikoekin, bere lurrarekin, honen jatorrizko egoerarekin eta haien propietate fisiko eta kimikoekin), florarengatik (belarra, zuhaixkak eta zuhaitzak); fauna jakin bat bizi da bertan eta espezie batzuek beren bizi-jarduera guziak edo batzuk eremu horretan dituzte”. Bizkitartean, tokiko baldintzek dute habitat natural bat egiten (klimak, lurrak, erliebeak) baita ere haren definitzeko eta deskribatzeko balio duten landare eta animalia biozenosi bereizgarriak (gero eta gehiago fitosoziologiaren bidez: landare komunitateak eta ingurunearekin dituzten harremanak ikertzen dituen alorra).
Biziki zabalak izan daitezke, hala nola oihanak, larreak, edo noiztenkakoak, hala nola behin behineko putzuak, zohikaztegiak. Fitosoziologiak ditu ikertzen garatzen diren habitat naturalak eta baldintza ekologikoak, hots, landare multzoen zientziak.
Denboran egonkorrak izan daitezke (jendeen eskalan) edo denboran zehar aldatu bat bestearen ondotik gertatuz. Horrela, usu ikusten dira belartzak sasitzen, gero hauek kolonizatuak izanen dira eta oihanek ordeztuko dituzte.
Landare bat gerizatzeko bere habitata gerizatu behar da.